POTTOKA euskal zaldia

Sastarrainen, gure pottokak ezagutzeko eta haiekin gozatzeko aukera duzu. Animatzen bazara, ekitazioan has zaitezke; nolanahi ere, inguruko bide eta bidexketatik pottoka gainean paseotxo bat emateko gomendioa egiten dizugu.


Baina, zeintzuk dira pottoka horiek? Pottoka, Euskal Herriko zaldi arraza autoktonoa da. Zelta zaldiaren tipologian sartuko litzateke. Ilaje iluneko zaldia da, sendoa, itxuraz historiaurrekoa dirudiena ia, eta gure zelaietako baldintza klimatologiko gogorrei aurre egiteko gai dena. Garaiera txikikoa da (120 eta 132 cm artean), eta pisuari erreparatuz gero, ez da oso astuna (220 eta 300 kg artean).


Orain gutxi arte, mendi eta zelaietan baino ez genituen ikusten pottokak; ez zen uste hipikarako egokiak izan zitezkeenik. Baina Sastarrainen, beste zenbait tokitan bezalaxe, hori eta askoz gehiago egiteko gai direla erakutsi dute eta, horregatik, animalia otzanak eta miresgarriak direla ikus dezazun, hainbat jarduera eskaintzen dizkizugu: hipikaren munduan lehen urratsak emateko aukera, luzera ezberdineko paseoak, zeharkaldiak... Nahi baduzu, gure tarifak kontsulta ditzakezu.