euskera | castellano | english

BASERRI ESKOLAKO JARDUERAK

Gure baratze, ukuilu, nekazaritza-eremu eta nekazaritza zein abeltzaintzarako erabiltzen ditugun instalazioak, ezin hobeak dira euskal landa-eremuaren ezagutzara bideratuta dauden tailerrak egiteko. Gure natura-ingurunean, ekologia eta izadiaren ezagutza lantzeko jarduerak gauzatzen ditugu. Bestalde, gertu ditugun ekipamendu eta kultur baliabideei esker, gure historia ezagutu ahal izateko eta, batez ere, antzinako Historiaurrea nolakoa zen jakiteko aukera ematen dugu.

Antolatzen ditugun tailerrek izaera praktikoa dute, eta esperimentatzea dute ardatz. Adibide bat jartze aldera: ogia egiten dugunean, parte-hartzaileak ez dira ikusle izatera mugatzen; ogia egin egingo dute, eta pertsona horiek izango dira, beraz, ukitu, sentitu eta esperimentatuko dutenak. Ikasleentzat, bizipen hauek ahaztezinak izan ohi dira. Eta gauza bera gertatzen da animaliekin kontaktuan jartzen direnean ere; hiriguneetan bizi diren ikasleek, bereziki, asko gozatzen dute esperientzia honekin. Ingurune-hezkuntza lantzea da, hortaz, gure helburua.

 

Baserri eskola gisa, eta ingurune-hezkuntza jorratzeko, antolatzen ditugun jarduera guztiak, gure aisia-jarduera eskaintzarekin bateragarriak dira (gure pottokekin, esaterako, abentura dibertigarriak eta kirola uztar litezke). Eskola bakoitzaren esku dago eskaintza hori hautatzea. Eta, noski, egonaldi guztietan, talde-dinamizazioaz eta gaueko ekitaldiez arduratzen gara.

 

Horregatik, heziketa zentroei begira, Sastarrain, urteko irteera eta egonaldi egitarauak osatzeko bidelagun egokia dela uste dugu. Ondorengo loturetan, multzoka sailkatuta, gure jardueren oinarriak aurkituko dituzu.

 

NATURA ETA EKOLOGIA

Ibilbide ekologikoak. Sastarraingo bailara Izarraizko mendigunearen inguruko mendietan dago kokatuta, balio ekologiko eta edertasun handiko parajean. Paraje natural honetan, hain justu ere, ingurunea ezagutzeko tailerrak antolatzen ditugu, eta ibilbide ekologikoak baliatzen ditugu horretarako. Ibilbideak luzera ezberdinekoak izan daitezke, eta hauei esker, basoaren, ibaien eta zelaien inguruko hainbat alderdi aztertzen ditugu, eta baita gizakiak paisaian izan duen esku-hartzearen eragina ere...

 

Uraren tailerra. Uraren inguruko tailer bat ere sortu dugu, asko baitira inguruan ditugun errekak; ur gardenekoak batzuk, kalteberagoak besteak. Metodo praktikoak baliatuz, gure ibaien osasuna aztertzea, uraren erabilera arduratsua eta kudeaketa egokia sustatzea, eta urari historikoki eman zaion erabilera ezagutaraztea da gure helburua.

 

Birziklatze tailerra. Orain, inoiz baino gehiago, birziklatzea gure eguneroko bizitzaren oinarrietako bat dela esan liteke. Ideia honetan sakontzeko, eta birziklatzeak dituen alde onak aztertzeko, itxuraz erabilezinak diren elementuetatik abiatuz, objektu dibertigarriak eraikitzeari ekingo diogu.

 

BASERRIA

Zestoa herriak landa-eremuko izaera du, nagusiki. Hori dela eta, baserri eskolaren inguruneak, Euskal Herri atlantikoan topatuko dugun ohiko paisaiaren ezaugarriak ditu: baserriak, zuhaiztiak eta zelai multzoak aurkituko ditugu bertan.

 

Ingurune honekin bat eginez, Sastarrain baserriak, baratzeak, berotegiak, ukuiluak eta oilategia ditu. Gure instalazio propioetan, tailer ezberdinak antolatzen ditugu. Tailer horietan, abereei buruzko eta baserriaren mantentzean eta ustiapenean ezinbestekoak diren zereginen inguruko ideia orokor bat ematen ahalegintzen gara.

 

Elikadura: ogia egiteko tailerra. Ogiaren elaborazio prozesua ezagutu eta esperimentatuko dugu: zereal eta irin mota ezberdinen identifikazioa, legamiak, oraketa, atsedenaldia eta... gure egurrezko labean erretzea.

 

Elikadura: etxean egindako gozoak. Bizkotxoak ez dira beti plastikozko bilgarrietan etortzen. Tailer honetan, bizkotxoak egiten ikasiko dugu, osagai naturalak bakarrik erabiliz eta modu tradizionalean, artisau-erara. Eta sukaldeko lanetan hasi garenez, erroskillak, pastak, merengeak... ere prestatuko ditugu.

 

Elikadura: gazta eta beste esneki batzuk. Tailer honen helburua zera da: osagai misteriotsu baina natural batzuk gehitze hutsarekin, esneak beste produktu gozo batzuetan bilakatzeko ahalmena duela ikustea. Inguruko mendietan eta ukuiluetan ezagutu ditugun animalia ezberdinen esnearekin egindako gaztak, mamiak eta jogurtak prestatuko ditugu.

 

Baserriko lanak: ganadua. Baserriaren muinetako bat ganadua da, bertan bizi direnei baliabide garrantzitsuak ematen baitizkie. Baserriko abereak gure aliatuak direla uste dugunez, gure ukuiluak, oilategiak eta beste instalazio batzuk baliatzen ditugu tailer hau egiteko. Honi esker, espezie ezberdinak identifikatzen ikasiko dugu, zer-nolako hazkuntza eta zainketak behar dituzten, etab. Zeregin horietan guztietan, modu aktiboan parte hartuko dugu. Amaitzeko, eta egindako lanaren eskupeko gisa, paseotxo bat emango dugu pottoka, poney, behor edo zaldi gainean.

 

Baserriko lanak: baratzea. Nekazaritza lanak ere, baserri-bizitzaren funtsezko ardatzetako bat dira. Sastarrainen, tailerrak egiteko laborantzak, baratzeak eta berotegiak ditugu, eta horietan, nekazaritzari lotutako oinarrizko lanak zeintzuk diren irakasten dugu: lurraren prestaketa, landaketa, mantentze eta bilketa-lanak... ekologikoak diren nekazaritza-praktiken erabileraren garrantzia azpimarratuz, betiere. Urtaroaren arabera, espezie jakin batzuen identifikazioa landu eta beren erabilera lehenesten da.

 

Baserriko lanbideak: erlezaintza. Erleen mundua bereziki erakargarria da, ez bakarrik animalia honi ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko egin behar izaten diren eginkizunei begira, baizik eta abaraska baten antolamendu-modua liluragarria delako eta erleek munduko ekosisteman betetzen duten papera berebizikoa delako (egun, gaurkotasun handiko gaia). Tailer honetan, kontzeptu hauek guztiak lantzeaz gain, kandelak egiten dira erleen argizari naturala erabiliz.

 

Baserriko lanbideak: saskigintza. Uzta jasotzea, garraiatzea, biltegiratzea... asko dira ontziak beharrezko dituzten baserriko lanak. Otarre hauen ekoizpena artisau-erara egin izan da beti, eta kontzeptu horixe da, hain zuzen ere, tailer honetan lantzen dena. Materialak (zumea) eta beren tratamendua ezagutzeaz gain, parte-hartzaile bakoitzak bere saskia egin ahal izango du, eta saski hori, Sastarraingo egonaldiaren oroitzapen polit bilakatuko da.

 

Baserriko lanbideak: larruzko pilotak. Euskal kirolaren jatorria landa-girokoa da, baserriko lanbideekin erlazioa duena. Kirol horietan ezagunenetakoa, pilota da. Tailer honetan, pilota horiek artisau-erara nola egiten diren ikasiko dugu, parte-hartzaile bakoitzak -material naturalak erabiliz- berea egin dezan. Ondoren, nola ez, lortutako emaitzak pilotalekuan neurtuko ditugu.

 

HISTORIAURREA

Ekaingo koban zaldi ederrak margotu zituzten orain 13.000 urte. Baserri eskolatik gertu dago haitzuloa eta, 400 metrora, erreplika bat topatuko dugu (Ekainberri izenekoa). Baina ez dira gure arbasoek bailara honetan utzi zituzten aztarna bakarrak (hor dago, esaterako, Irikaitz aztarnategia); gaur egun arte iraun dute, eta horren erakusgarri dira Erdi Aroko (Lili jauregia, Zestoako herribildua) edo Aro Modernoko (Zestoako Bainuetxea...) hainbat monumentu interesgarri. Sastarrainen, interesgune horiek ezagutu ahal izateko bisita gidatuak antolatzen ditugu eta Historiaurreari buruzko jardueretan jartzen dugu bereziki arreta.

 

Historiaurreko bizitza: sua. Gizateriaren historian mugarri handienetako bat suaren “aurkikuntza” izan zen. Gizakiak sua menperatzeko egin behar izan zituen ahaleginak aztertuko dira tailer honetan, eta baita sua egin ahal izateko erabili ziren teknika nekezak ere. Material eta teknika ezberdinak ezagutuko ditugu eta, gogor saiatuz gero, sutzarra piztuko duten txinpartak ateratzea lortuko dugu.

 

Historiaurreko bizitza: historiaurreko tresnak. Lanabesei esker, gure eskuekin egin ezin ditugunak egitea lortzen dugu. Tresna hauek baliatuz, gure arbasoen bizirauteko aukerak biderkatu egin ziren, eta pixkanaka, gizakia bere adimena zorrozten joan zen, gaur egungo sofistikaziora heldu arte. Tailer honetan, gezien muturrak sortuko ditugu, lehenik -silexa erabiliz-, eta naturatik jasotako beste zenbait material baliatuz, ondoren erabili ahal izango ditugun arkuak eta geziak egingo ditugu.

 

Historiaurreko bizitza: historiaurreko margoak. Antzinako garaietatik, gizakiak artistikoki adierazteko beharra sentitu izan du. Tailer honetan, horma-pinturen inguruan arituko gara, margo horien esanahia aztertu eta horiek marrazteko teknikak ezagutuko ditugu; horretarako, baserri eskolatik oso gertu dugun Ekaingo koba hartuko dugu ardatz. Naturan aurki daitezkeen pigmentuak bilatuko ditugu lehenik, eta jarraian, pigmentu natural horiek erabiliz, margotzeari ekingo diogu; euskarri gisa, papera zein harria baliatuko ditugu. Amaitzeko, haitzulo ñimiño bat ezagutzeko parada izango dugu.

 

Arkeologia-kutxa. Arkeologia-indusketa teknikak ezagutzeko eta esperimentatzeko aukera ematen duen tailerra da honakoa. Parte-hartzaileek, espazio zabal bat izango dute eskura, eta arkeologoen paperean sartuta, lur geruza ezberdinak garbitzeko eta lanabesak eta gorpuzkiak lurpetik ateratzeko aukera izango dute. Garai historiko ezberdinetako hondakin horiek, identifikatu, sailkatu, gorde eta interpretatu egin beharko dira, laborategiko lan gisa.

 

Ekainberrira bisita. Sastarraindik, Ekainberrira (400 metrora baino ez dago) bisitak proposatzen ditugu; Ekaingo kobaren erreplika harrigarria dugu berau. Ekainberrin, Ekaingo kobako margolanen gehiengo handi bat erreproduzitu da, eta baita hormak, arrokak, ura edota soinuak ere. Ekainberrira joatea, jatorrizko haitzuloa bisitatzearen pareko esperientzia da, lilura eragiten duena, eta aipatutako pintura hauek sortu zituzten gizakien inguruko xehetasun gehiago jakin nahi izatera eramaten gaituena. Horregatik, historiaurreko teknikak lantzeko tailer praktiko batekin osatzen dugu Ekainberrira bisitaldia.