euskera | castellano | english

INSTALAZIOAK

Sastarrain baserriaren horma zaharrak dira izen bereko baserri eskola eta aterpetxearen oinarriak. XV. mendean eraiki zuten baserria, eta gaur egungo eraikinak, zaharberritze prozesu baten ostean, iraganean laborantza-etxea izan zela ekartzen digu gogora.

Eraikina hiru solairutan banatuta dago:

  • Beheko solairuan, harrera, jangela zabala -neguan tximinia pizteko aukera ematen duena-, sukalde modernoa, komunak... daude. Kanpoaldean, berriz, ogia egiteko labe tradizional bat.

 

  • Bigarren solairuan, erabilera anitzeko bi gela zabal daude. Bertan egiten dira tailerrak eta taldeei zuzendutako beste hainbat jarduera. Solairu honetan daude, baita ere, estalita dagoen atarira eta bigarren terraza batera ematen duten sarbideak.

 

  • Hirugarren solairuan, logelak (ohatzeak dituzten hiru gela handi) eta dutxaz hornitutako komunak daude. Hirugarren solairu honetako leihoetatik, bista ederrak daude: ingurune berdeaz gozatzeko parada izango du, hortaz, bisitariak.

 

Eraikin honen inguruan beste instalazio batzuk ditugu:

  • Egurrezko bi etxetxo, tailerrak egiteko erabiltzen ditugunak.

 

  • Animalien (ardiak, behiak, txerriak, untxiak, oiloak, zaldi, poni eta pottokak, astoa...) etxe diren ukuilu eta zalditokiak. Bi zaldi-heztegi ditugu (borobila bata eta tamaina handiagoko laukizuzena bigarrena) zaldiketa ekintza ezberdinak burutzeko.

 

  • Negutegiak, baratzeak eta 95.000 m2-ko lursailak, zelai, zuhaizti eta laborantza-eremuekin.

 

  • Asfalturiko gune bat, eraikin aurrean, ibilgailuen aparkaleku gisa erabiltzen dena.

 

Gure eraikin eta instalazioak desgaitasun fisikoak dituzten pertsonentzat egokituta daude hein handi batean, gaua igarotzea eta ekintza gehienetan parte hartzea posible delarik.