euskera | castellano | english

EUSKAL HERRIA EZAGUTU

Sastarrain abiapuntu gisa hartuta, eta egun bakarreko txangoak eginez, Euskal Herri osoa esku-eskura duzu. Garraio publikoan edo autoan, xarmaz betetako herriak, hiriak, paisaiak eta natura ezagutzeko aukera izango dugu.

 

Zestoa, Donostiatik 40 km-ra dago; 80 km dira udalerria Bilbo eta Gasteiz hiriburuetatik bereizten dutenak. Baiona, Ipar Euskal Herriko hiriburua, 90 km-ra dago, eta Iruña, berriz, 105 km-ra. Duten edertasuna, ondare historikoa, eta merkataritza zein turismo-giroa tarteko, merezi du hiriburu hauek guztiak bisitatzea. Bestalde, hiri horietatik gehiegi urrundu gabe, toki lasaiak, xarmaz betetako parajeak, ere topatuko ditugu. Horiek guztiek osatzen dute Euskal Herriko paisaien aniztasuna.

KOSTALDEA

Zestoa, kostaldeko Zumaia herritik 8 km-ra dago. Zumaiatik gertu, Getaria, Deba eta Mutriku herriak daude. Itsas-giroko udalerriak dira eta hondartza ederrak dituzte; herriotako itsasertzean flyscha ezagutuko dugu, formazio geologiko berezia. Flyschari esker, gure planetaren historia geologikoa uler daiteke, 50 milioi urteko aldi bati buruzko informazioa ematen baitigu (K/T geruza famatua, dinosauroen desagerpena gertatu zenekoa, nabarmenduko genuke), eta honek, mundu mailako garrantzia duen interesgune geologiko bilakatzen du kostalde hau. Honela, aipatutako herriek, itsasertzak eta barnealdeko gune batek Geoparkea izenekoa osatzen dute. Ekimen honen helburua, baliabide ezberdinak erabiliz (ibilbideak, museoak, itsasontzi-irteerak, bisita gidatuak), espazio berezi hau bisitariarentzat esperientzia ahaztezin bilakatzea da.

 

Gipuzkoako itsasertzeko segmentu eder hau, Zarautz, Orio eta Donostia hiribururantz luzatzen da. Behin hara iritsitakoan, Ipar Euskal Herriko kostaldeak sarbide erraza du: Donibane Lohizune, Biarritz eta Baiona nabarmentzen dira. Bizkaia aldera jotzen badugu, berriz, Lekeitio pintoreskoa eta Urdaibaiko itsasadar ikusgarria -biosfera erreserba izendatua- aurkituko ditugu. Hori guztia, autoz, ordubete baino gutxiagora.

 

BARNEALDEA

Asko dira Gipuzkoako mendi, herri eta herrixketan barrena egin daitezkeen paseoak eta zeharkaldiak. Seinaleztatutako bideen sare zabal bat dago, eta probintziako gailurretara igotzeko aukera ematen dute, zailtasun maila ezberdineko ibilbideak eginez: Aizkorri (1.523 m), Ernio (1.078 m) edota etxetik gertu dugun Izarraitz (1.030) mendiak aipa genitzake, besteak beste.

 

Gune natural hauek osatzen dute Euskal Herri Atlantikoko estanpa ezaguna, eta gune horiek dira, era berean, ondare artistiko eta kultural aberatsa duten hainbat herriri aterpea ematen diotenak. Nabarmentzekoak dira, esaterako, Oñati, Bergara eta Tolosa, beren ondare historiko-arkitektonikoagatik, eta baita Loiolako eta Arantzazuko santutegiak eta Zumarragako Antigua baseliza ere.

 

KULTURA ETA OHITURAK

Euskal lurraldea ezaguna da, besteak beste, gure hizkuntzagatik -euskaragatik-, zeina biztanleriaren zati handi batek hitz egiten duen. Ugariak dira, bestalde, mendeetan zehar bertoko herritarrek mantendu dituzten tradizioak, eta ohitura horiek, bakarra eta berezia egiten dute Pirinioen eta Kantauri itsasoaren artean kokatutako gure herria.

 

Euskal herri-kirolek jende asko erakartzen dute: aizkolarien egur mozketa, harri-jasotze lanak, idi-demak, pilota... urte guztian zehar izaten da, gure herri eta herrixketan, erakustaldi horiekin gozatzeko aukera. Eta beste hainbeste gertatzen da bertoko folklore musikalarekin (txistua eta trikitixa) eta euskal dantzekin ere.

 

Euskal Herriko gastronomiak jarraitzaile asko ditu, eta egunez egun gehiago dira. Sagardoa dastatzeko eta sagardotegietara joateko sasoia negua izaten da. Udan, berriz, kostaldeko herrietara hurbiltzea gomendatzen dugu, jatetxe asko eta asko baitira arrain platerkada eder bat eta txakolina -bertako mahatsarekin egindako ardo zuria- eskaintzen dutenak. Urte guztian zehar, jardunaldi gastronomikoak, azokak eta merkatuak izaten dira Euskal Herriko hiri nahiz herrietan, eta horiei esker, gure lurreko elikagairik onenak dastatzeko aukera izango du bisitariak.

 

Kultur eskaintzari dagokionez, Bilboko Guggenheim museoa -nazioartean ezaguna- euskal modernitatearen ikur bilakatu dela esan liteke. Alabaina, euskal hiriburu guztiek, eta baita beste hainbat udalerrik ere, urte osoko kultur egitarau eta museo-azpiegitura zabala eskaintzen dute.