INGURUNEA BIZITZEA

Gure ingurunea eta ohiturak modu aktiboan ezagutu nahi badituzu, aukera-aukerako jarduera-eskaintza helaraziko dizugu. Jarduera hauek, taldean egiteko aproposak dira. Familia giroan datozenek, haurren eta nagusien arteko harremanak estutzeko baliabide gisa ulertzen dituzte jarduerok.

BASERRIA

Euskal baserria ezagutzeko modurik onena, bertan buru-belarri murgiltzea da. Horregatik, tailer ezberdinetan parte hartzeko aukera ematen dizugu, antzinako baserrietan ezinbestekoak ziren zereginak eta lanbideak lehen pertsonan bizi ditzazun: artisau-erara egindako ogi eta gozo-ekoizpena, gazta eta esnekiak egitea, saskigintza eta larruzko pilotagintza... baratze eta ukuiluetan antolatzen ditugun tailerrak ahaztu gabe, zeinetan gure etxeko abereekin kontaktuan egongo zaren.

 

Zestoa, landa-eremuko udalerria da oraino, eta horregatik da hain egokia baserri ingurunea ezagutzeko. Horretarako aproposak diren hainbat ibilbide proposatuko dizkizugu, eta gure paisaiak ezkutatzen dituen sekretuak azalduko.

 

KOSTALDEA ETA MENDIA

Euskal mendiak ez dira garaiera handikoak. Egokiak dira, beraz, zailtasun maila urriko edo ertaineko mendi-ibilaldiak egiteko. Mendi hauen bihotzean dago, hain justu ere, Sastarrain. Mendi horietan barrena gozatzeko hainbat aukera eskaintzen dizkizugu; originalena, beharbada, irteera horiek gure pottoka zaldien gainean egitea da.

 

Itsasoa ere ez dago urrun; 8 km-ra dago Zumaia herria. Sastarraindik gertu dagoen itsasertzeko gune hau nazioarteko geologia-interesgunea da. Horrez gain, ezagunak dira gune honen aberastasun biologikoa eta paisaia-balioa. Sastarraindik, ingurune honekin (Euskal Kostaldeko Geoparkea izenez da ezaguna) gozatzera animatu nahi zaitugu, eta horretarako, hainbat jarduera eskaintzen ditugu: mendi-ibilaldiak, bisita gidatuak, itsasontzi-irteerak eta ekologia-tailerrak.

 

Beste aukera bat ibilgailuarena da. Gure gida eta begiraleek lagunduta, euskal kostaldea eta barnealdeko mendiak ikuskatzeko aukera duzu. Ibilbide hauetan, natura eta paisaia ezagutzeaz gain, museoak eta monumentuak bisitatzeko, azokak gertutik gertura ezagutzeko, itsasontzi-irteerak egiteko, esperientzia gastronomikoetan parte hartzeko, herri-kirol erakustaldiak ikusteko... astia izaten da.